XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ITSASURPETIK AGERTU ZAN BIZKAIA.

Egia esan, Izadiak bizkaitarroi harrera ona egin euskun, berezia suertatu jakun.

Herri kanta batek Bizkaia baratze polita da dino tolesbaga, eta holakoxea da.

Baratz honen ifarreko mugea Kantauri itsasoa da, 80 kilometroko ertza da, Bizkaiko kolkoaren irudi zatia marraztuten dau, itsas-lerroa eder-ikutuz atondurik, peka malkor, mendi aldara leunak, hondar zehea daben hondartzak eta sarrera sakonak alboetan atxak dabezanak.

Berezko babes honeetariko batzuetan dagoz arrantzaleen portu jatorrak, Terranovako lekutako itsasoetara bale arrantzuean, erremuetan joaten ziran arrantzale bulartsuen ondorengoak, orain be arrainetan joan ohi diranak.

Barruko aldea nahiko menditsua da, halan be goienak ez dira hain latzak edo larregizkoak (Bizkaiko goibehe ertaina 125 metro da, eta tontorrik gorena barriz, Gorbeia mendia da, 1.475 metro erpinean).

Halan da ze, itsasoak 400 metro gorantz egingo baleu, Bizkaiko lurretarik lautik hiru heinean, urpean lotuko litzatekez.

Eta uren gana 800 metroraino goratuko balitz, lehorra ehuneko hiru murritz izango, eta orduan atxik goitienak soilik ikusgarri, zuhaizti apurrak eta tontorreko basetxeren bat edo beste.

Lehorreko barrurantz, ibarrak dagoz, muino txikerdunak basetxez han hor horniduak, bizimodua lugintzea eta abereak zaintzea ta haztea, eta industria gaur dan egunean baserri urrunduetaraino be heltzen dan arren, batez be uri haudietan ipinia da, eta nabarmenen, Bilboko Ibaiaren ertzetan.

Bizkai lurraldea azken zokondoraino hezotzen dabe errekastoek, ur-jausiek eta latsek, ibarretara jaisten dira euren urak Nervion, Ibaizabal edo Cadagua ibaiei eskeintzeko; lurraldea berdetasun distiratsuz nabarigarri da, eta landarak, giro biguna eta argiaren aldakuntzek aberastuten dabe kolore-lits ugariz.

Esandakoari gehitu behar jako urteko hoz-bero ertaina 14 eta 15 gradu bitartekoa dala, eta horrenbestez Bizkaiaren izaera zori onekoaren txantoa osotu leiteke.

Bere 2.217 metro laukituetan 1.205.000 lagun bizi gara orain; eta herrikoen trinko-neurria kilometro laukituko 543 lagun izan arren, ez dugu ezetariko esturarik.